XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) horregatik, larrukia berriro itzuli zenidanean begiratu ere egin gabe zimurtu eta sutara botatzeko asmoarekin sentitzen nintzen.

- Paper zati hartaz ari zara zu -esan nion.

- Ez.

Paperaren antz handia zuen eta hasieran halaxe zela pentsatu nuen, baina marrazten hasi bezain laster konturatu nintzen larruki oso mehe baten zatia zela.

Gogoratuko duzu oso zikina zegoela.

Beno, ba zimurtzeko momentu berean nengoela, nire begiek zuk ikusi zenuen diseinua begiztatu zuten eta pentsa nolakoa izan zen nire txundidura nik kakalardoaren marrazkia egin nuen leku berean buruhezur baten zirriborroa zegoela konturatu nintzenean.

Instant batez zer pentsatu ezin asmaturik geratu nintzen, hainbestekoa bait zen nuen harridura.

Nik banekien egindako marrazkia beste hartatik zeharo desberdina zela zertzelada askotan, nahiz, orohar, nolabaiteko antza izan bere orokortasunean.

Kandela bat hartuz gelako beste ertzeraino joan nintzen larruki hura arreta handiagoz aztertzeko asmoarekin.

Gainbeheratu nuenean, behekaldean ikusi nuen nik egindako marrazkia bere-berean.

Nire lehen sentipena harridurarena izan zen bi diseinuen arteko berdintasun haren aurrean, hain txundigarria bait zen egokitu zitzaidan hura; nik ezer jakin gabe larrukiaren beste aldean parez-pare buruhezur baten irudia egon eta garezur hori nik marraztutako kakalardoaren berdintsua izatea bai eitez eta bai tamainoz.

Egia esan behar badut, egokiera honen bitxitasunak erabat harrituta utzi ninduen lehen momentuan.